TRAPAGARAN EUSKALDUNA ETA GORRIA!!
Bizkaiko mendebaldean, burdin meatokien bihotzean kokatzen den herria dugu Trapagaran, nekazarien aitzur kolpez zein meatzarien barrena zartadaz zaildutako herria.
Azken hamarkadetan ikastolak eta irakaskuntza publikoak gazteria euskaldundu badu ere, geure herria ez da euskalduna. Horregatik gazteok makina bat arazo baditugu egunerokotasunean euskaraz bizitzeko, euskal kulturako erreferenteak ezagutzeko zein oro har euskal munduan murgiltzeko, mundu hau ez baita geure inguruan kasik existitzen.
Ez dugu instituzioen laguntzarik ez eta herrian sentsibilitaterik, ondorioz bidea zaila da, baina ondorengoentzako Trapagaran euskaldunaren ametsa geure mendi barrunbeetako burdina bezain beste errotu zaigu bihotzetan. Horrek ematen digu bideko lahar sasiak garbitu eta aldapak gainditzeko indarra.
Beraz arazo honi irtenbide eman asmoz eta arduradun publiko zein hautetsiek herria euskalduntzearen bidean borondaterik ez dutela ikusirik, azken urteetan herriko Basetxe gaztetxearen aldetik sortu behar izan ditugu gabezia honi aurre egiteko alternatibak.
Horretarako azaroaren 18an Arkotxa plazan herri kirol desafioa antolatu dugu Areatzako (Arratia) gazteekin elkarlanean. Ondoren iluntzean gaztetxean bertan bertso afaria izango dugu Amets Arzallus eta Sustrai Colinarekin.
Euskaraz aisialdia eta momentu goxoak pasatzeko aukera eskaintzeaz gain guretzat eremu euskaldunetako gazteekin harremanak sortzea oso garrantzitsua da. Eskerrik asko Areatzako gazteria! Honez gain egitasmo kolektiboak, talde lana, laguntasuna eta herri nortasuna bultzatu nahi ditugu. Ez dira hauek modan dauden kontzeptuak, baina balore hauek ematen digute aurrera ekiteko behar dugun hatsa eta guztion artean lortuko dugu:
TRAPAGARAN EUSKALDUNA, AMESLARIA ETA BIZIA! biharko mundu hobean…



