Iragan larunbatean Areatzako gazteriaren aurka herri kirol desafioa jolastu genuen Trapagaranen, ostean kalejira eta bertso afaria izan ziren gaztetxean. Ekitaldi hau antolatzeko orduan dudarik gabe eredugarria izan da gazteria euskaldunak erakutsitako antolakuntza eta buruturiko lana. ZORIONAK TRAPAGARAN! (Eskerrik asko sukaldeko ekipoa, muntaian ibilitakoak, elektrizitatea, bideoa egin zenutenak, Areatzako gazteria, musikariak, bertsolariak…).

Orain arte pentsatu ezina zen larunbatean ikusitakoa. Desafioan zein kalejiran bildu zen jende kopurua esanguratsua izan zen eta nabarmentzekoa da bertaratutakoen artean sorturiko giro jator eta euskalduna. Izan ere, jakina da gure herria ez dela batere euskalduna baina larunbatean zuen ahalegin eta izerdiaz amets bat bizi izan genuen: TRAPAGARAN EUSKALDUNA.

Horrek erakusten digu ekinez posible dela ametsa errealitate bihurtzea. Horretan ari gara eta bidea nekeza bada ere, pausoz pauso, urratsez urrats, lortuko dugu mendebaldeko euskal basamortuan eraikitzen ari garen oasi txiki hau itsaso urdin eta bizi bilakatzea. Larunbatean herri kiroletan Areatzak irabazi gintuen baina errealki Trapagaranek irabazi zuen, ez baitago geure herriko gazteria geldituko duen indarrik. Gu hurrengo apustuetarako prest gara. Eta zeu?

Biharko Trapagaran euskaldunaren bidean, Euskal Herri batu eta askean.

Trapagarango Basetxe gaztetxea.

Argazkiak (handiago ikusteko, sakatu gainean)