Azken asteotan Trapagaranen EAJ-PNV alderdiak guri buruz ipini dituen kartelek sorturiko zalaparta eta zurrumurrua argitu nahian ondorengoa ARGITU NAHI DUGU:

  1. 2006ko azaroaren erdialdean, pesekin entrenamenduak egin asmoz,  Trapagarango udalari Eskontrilla eskolako gimnasioa uzteko eskaria egin geniola.
  2. 2006ko abenduaren erdialdean, udalaren aldetik erantzunik jasotzen ez genuela ikusirik, telefonoz udaletxera deitu behar izan genuela. Bertan haien aldetik arazorik ez zegoela azaldu ziguten baina azken erabakia eskolak zeukala eta eskolako arduradunekin hitz egiteko esan ziguten.
  3. 2007ko urtarrilaren hasieran Escontrilla eskolara jo genuen. Bertako gorputz hezkuntza irakasleak gimnasioa erabiltzeko baimena ukatu zigun, gimnasioa hautsiko genuela aitzakiatzat erabili zuen, nahiz eta denok jakin eskubaloi taldeak urte luzez bertan pesa entrenamenduak egin dituela.
  4. 2007ko urtarrilaren erdialdean Escontrilla eskolako frontoia erabiltzeko eskaria egin genuen Trapagarango udalean. Oraindik orain erantzunaren zain gaude.
  5. Garai berean Trapagarango Itxaropena ikastolako polikiroldegia erabiltzeko eskaria egin genuen eta ikastolak bertan entrenatzen uzteko prezio eta baldintzak onartu genituen. 
  6. 2007ko otsailaren 1ean, dauzkagun beharren berri guri galdetu gabe EAJ-PNVk gure arazoari buruzko kartelak jarri ditu herrian.
  7. Gaur egun San Gabriel auzoko kaperan entrenatzen gabiltza.

 

Harrizulatzaileok USTE DUGU:
Duela 9 urte berreskuratu genuen harrizulatzaileen kirola, kirola izateaz gain geure herriaren nortasuna eta oroimen historikoa hertsik lotua dagoela.
Guk kirol honen alde xahutzen ari garen indar eta ahaleginarekin Trapagaranen izena eta izana Euskal Herrian barna lau haizetara zabaltzen ari garela.
Azken urteotan kirolak izan duen bilakaeraren ondorioz kirolarien prestakuntza zein kirol markak hobetzen ari garela eta ondorioz geure beharrak (azpiegiturak) ere handitu direla. 

 

Horregatik ondorengoa ESKATZEN DUGU:
  1.  Herriko alderdi politikoei kirol hau bultzatzen ari garen kirolari eta laguntzaile guztiei BEGIRUNEA.

  2. Udal hautetsiei beren duten ardura politikoari kasu egin diezaiotela eta daukagun arazoa konpon dezatela:
  • a. Trapagaranen pesekin entrenatu ahal izateko leku bat utz diezagutela.
  • b. Materiala (barrak, ontziak…) gordetzeko txoko bat utz diezagutela.
  1. Geure dinamika eta arazoez benetan interesatuta dauden alderdi politikoei harrizulatzaileei galde diezagutela.

 AURRERA TRAPAGARAN!!

TRAPAGARANGO HARRIZULATZAILEAK

ALDAI-ALDEKO HARRIZULATZAILEAK