Ezker abertzalea hauteskundeetan «mozorrorik gabe, den bezala» egongo dela ziurtatu du Otegik

Guztien parte hartzea prozesu demokratikoa abiatzeko ezinbestekoa dela ohartarazi du
Ezker abertzalea datozen udal eta foru hauteskundeetan egongo da. «Den bezala» egongo da, gainera, Arnaldo Otegik BECeko ekitaldian ziurtatu duenez. «Ez gara ezkutatuko». «Ez gara mozorrorik bilatzen ari. Garen bezala egongo gara».Eskubidea duelako eta «egon behar duelako» aurkeztuko da ezker abertzalea bozetara, Otegiren esanetan. Egungo egoera politikoak hala egitea eskatzen duelako. Izan ere, ezker abertzaleak gainontzekoen aukera berdintasunean aritzeko aukera izateak hauteskundeetatik haratagoko esanahia duela uste du. Gatazkaren konponbiderako «urrats» gisa aurkeztu du hauteskundeetara joateko erabakia. Konponbidea egon dadin, marko demokratikoa ezinbestekoa delako eta marko demokratikoa alde guztiek aukera berdintasunean oinarritzen delako.
«Hauteskundeetan egon behar dugu eta egongo gara, bestela ez delako hauteskunde demokratikorik egongo», azaldu du lehen arrazoitzat. «UPNren eta EAJren kudeaketaren alternatiba delako» ere egon behar du ezker abertzaleak bozetan, eta baita «instituzioetatik ere prozesua bultzatu beharra dagoelako».
Eta berebiziko garrantzia ematen dio bozetan gainontzeko alderdiek bezala aurkezteko aukera izateari, hori oztopatzea gatazkaren konponbidea oztopatzea dela uste duelako. Zuzen mintzatu da Otegi: «Espainiako Gobernuak ukatzen badi gu hauteskundeetan egotea, ez dio ezezkoa sigla bati ematen; prozesu demokratikoa abiatzeari emango dio ezezkoa». Hartara, mezu garbia bidali dio: «Gatazka gainditzeko aukera mahai gainean duzue. Eta argi dagoena da prozesua ezingo dela garatu baldintza demokratikorik ez bada». Horregatik eskatu du aukera guztienganako «errespetua».
ESPERANTZAK ZAPUZTEKO. Baina ezker abertzaleak prozesuaren alde urrats garrantzitsua egiten duen bakoitzean, Espainiako Gobernuak «jipoitu» egiten duela salatu du. Bozetara aurkezteko «urratsak» jasotako erantzuna du adibide. Beldurra da, Otegiren hitzetan, Espainiako Gobernuak bide hori hartzearen arrazoia. Espainiaren Estatu eredua kolokan dagoela, eta mamiari eusteak ematen diola beldurra. Horiek horrela, «esperantzak zapuzteko» ari da ezker abertzalea kolpatzen Otegiren ustez; «borrokan etsi dezan, proiektua bertan behera utz dezan».
Edozein kasutan, beldur hori alboratu behar luke PSOEren Gobernuak ezker abertzaleko ordezkariaren hitzetan, egun Espainiak bizi duen «krisi» eta «desestabilizazio» egoera Euskal Herriarentzat soluziobide demokratikoa emanda soilik gaindituko duelako. Gauzak horrela, «prozesu teknikoak» egitearen nahia alboratzeko eta behingoz «mamiari eusteko» galdegin dio Zapateroren gobernuari. Gatazkari sakoneko irtenbidea ematen saiatzeko.
EAJ eta Josu Jon Imaz ere «oso urduri» ikusten ditu Otegik, ezker abertzalearen proposamenaren aurrean. Arrazoiak ere argi ditu Batasunekoak: «Badaki ezker abertzalea hauteskundeetan egoten bada, eta egongo da, oso emaitza onak lortuko dituela». Eta horrek, EAJren «negozioa» gutxitu egingo duela. Otegiren hitzetan, «negozioa amaitu ez dadin ahal duen guztia» egiten ari da EAJ, eta horregatik ari da prozesu demokratikoa abiatzea oztopatzen.
Imazen jarrera modu ironikoan salatu, eta haien proiektua defendatzera mugatzeko eskatu dio. «Nazkatuta omen daude beti ezker abertzaleari buruz hitz egiten ari delako. Guk deia egin nahi diogu: Ez hitz egin gehiago gutaz. Baina hitz egin ezazu zure proiektuaz. Edo ez zara ausartzen zuen interes bakarra ekonomikoa delako eta ez duzuelako bakegintzan aurrera egiteko proiekturik?»
Pernando Barrena mahaikideak, ezker abertzaleak bide horretan egin dituen urratsak gogoratu zituen, PSOEk eta EAJk pausurik emateko duten «beldurra» aireratzeko: «Badakite borroka ideologikoa galdu dutela, badakite dagoeneko herri honek ez duela onartuko lurraldetasuna eta erabakitze eskubidea errespetatzen ez duen ezer». Horixe da, Pernando Barrenaren hitzetan, konponbidearen korapiloak askatzeko modu bakarra, baina benetako konponbidea ekarriko ez duen «prozesu tekniko hutsa» egiten saiatzen ari da PSOE.
Eta mamiari eutsi nahi eza da, hain zuzen, bestelako proposamenik egin gabe bai PSOE eta bai EAJ indarkeriari buruz soilik aritu nahi izatea; «badakitelako oso zaila dela edukiei ezetz esatea, gatazka gaindituko duen proposamenari ezetz esatea». Horrexegatik uste du ez diotela proposamenari erantzun, ekarpen «zentzuduna, demokratikoa eta bideragarria» dela badakiten arren; «akordiorako oinarri ona dela badakitelako».
«Badator udaberria, badator aldaketa», iragarri zuen Jone Goirizelaiak, «Euskal Herria ezkerretik» eraiki beharra aldarrikatuta.
Berandu hasi zen ekitaldia epailearen baimena falta zelako
Atzo arratsaldeko bostetarako Barakaldoko BEC eta Mega Park inguruak jendez lepo zeuden. Bostetarako 20 minutu falta zirela, autoak pilatzen hasi ziren aparkalekuko ateetan eta ate nagusiaren aurrean ere jende andana zegoen. Ekitaldia bost eta erdietan hastekoa zen. Inork ez zuen oso ondo ulertzen zergaitik zegoen aparkalekua itxita. Ekitaldia hasi baino ordu erdi lehenago irekita, justu samar ibiliko baitziren gehienak Bizkaia Arenara sartu eta lekua harrapatzeko.
Ekitaldiaren amaieran argitu zuten atzerapenaren zergaitia. Espainiako Audientzia Nazionalaren baimenaren zain zeuden BECeko ateak irekitzeko. Arratsaldeko bostetan heldu zen baimena. Berez, ekitaldiak hasi behar zuena baino ordu erdi lehen. 30 minutu ez dira asko halako jendetza eseri eta bere lekuan egokitzeko. Azkenean ia ordu beteko atzerapenarekin hasi zen ekitaldia. Horrek ez zuen giroa hoztu, hala ere. Barrura sartu, lekua hartu eta eserita itxaron zuen jendeak txalaparta jotzaileek ekitaldia zabaldu arte.



