Udalak herriko jaien kudeaketa enpresa pribatu bati eman izana gogor salatu dute Trapagaranen Jai parte hartzaile eta herrikoiak behar ditugula nabarmen azaldu dute Trapagarango txosna batzordeko kideek. Bestetik, Txosna Batzordeak gune duin bat izateko duen eskubidea ere aldarrikatu du, herrian guztiz integratua egon behar duena.


Agerraldia eskaini dute Trapagarandarrek Trapagarango Txosna Batzordearen oharra: Trapagarango Txosna Batzordetik udaletxeak herriko jaien kudeaketa eta antolakuntza enpresa pribatu bati eman izana salatzen dugu. Aurten ere, Jai Batzordea itxia izan denez eta herritarrok parte hartu ezin izan dugunez, Txosna Batzordea osatzen dugun kolektibo ezberdinok egitarau alternatibo, zabal eta partehartzaile bat egin dugu. Baliabide asko ez izan arren, jasotako proposamen guztiei lekua egiten saiatu gara.Gure jomuga nagusia,udaletxearen jarrera dela eta egitaraua ofizialean aktiboki parte hartu ezin izan duten pertsona, kolektibo, kirol zein kultur elkarte, koadrila eta konpartsak bateratu eta elkarrekin lan egitea da.

Txosna Batzordean lanean diharduten kolektiboak honakoak dira:

  • Trapagarango Eskubaloi taldea
  • Bikainak Eskubaloi taldea
  • Basetxe Gaztetxea
  • La Cuadrilla konpartsa
  • Ezker Abertzalea
  • Hitza Kalean Elkartea
  • Trapagaran Futbol 7 taldea
  • Mamarru kultur elkartea
  • La pinta Futbol 7 taldea
  • Garraxi kultur elkartea

Ezin ditzakegu ahaztu gainera programan parte hartu duten beste hainbat herritar. Besoak zabalik hartuko ditugu etorkizunean batu nahi zaizkigun guztiak. Honez gain, gaur egun txosnek bizi duten egoera prekarioa salatu nahi dugu. Txosna Batzordea urtez urte kolektibo, erabiltzaile zein bultzatzaile mailan haziz doan arren, udaletxeak ez digu leku fisiko egokirik zein ekintzak egiteko azpiegitura duinik eskaintzen. Aurten, adibidez, pasa den urteko txosna gunea txikitu dute eta eskaria egin duten bederatziak esparru horretan jarri ahal izateko, batzuk etxeetara hurbildu behar izango ditugu, guneak larrialdi irteera bat izando badu. Txosnak polikiroldegi alboko kontzertu gunean jartzea proposatu dugunean ezezko biribila jaso dugu udaletxearengandik, esparru hau arrazoi ezberdinengatik egokiagoa bada ere. Izan ere, batetik gure gune naturala dela uste dugu, kontzertuetara datorren jende gehiena txosna erabiltzailea baita. Bestetik seguruagoa eta erosoagoa da denontzat, zabala delako eta bertan sarrera eta irteera ugari daudelako, eta gainera, polikiroldegiaren eta eskolen artean dagoenez eta inguruan etxerik ez duenez, auzokoentzat ez litzatekelako horren zaratatsua izango. Ondorioz, honakoa aldarrikatzen dugu: Hasteko, jai parte hartzaile eta herrikoiak behar ditugula nabarmen azaltzen dugu, herriko kolektibo eta koadrilak gai direlako jaiak denon artean antolatzeko, trapagarandarrok zer nahi dugun erabakitzearren enpresa bati aurrekontuaren parte handi bat ordaindu beharrik gabe. Bestalde, Txosna Batzordeak gune duin bat izateko duen eskubidea aldarrikatzen dugu, herrian guztiz integratua egon behar duena. Ez gaituzte isolatuko ez eta izkutatuko, jaien parte izan nahi dugu eta udaletxeak albo batean uzten dituen ekintza zein proposamen herrikoien bultzatzaile izaten jarraitu nahi dugu. Herritarrek txosna eta programa alternatiboa nahi dituzte, eta hala den bitartean guk emango dizkiegu. Azkenik, txosna gunearen auzokoei barkamena eskatu nahi diegu erabaki ez dugun kokapenak izan ditzakeen eragozpenengatik. Egitarau egiten gogor saiatu gara eta zuen gustokoa izatea espero dugu. Besterik gabe, parte hartzera animatzen zaituztegu. Ondo pasa!

JAI BATZORDEA ORAIN!!!!!!!!!!!