Euskadi vs Euskal Herria (MIKEL LULOAGA ARANBURU BAI EUSKAL HERRIARI ekimeneko eleduna)
Maite ditut maite gure bazterrak lanbroak izkutatzen dizkidanean
Duela urtebete aurrera pauso garrantzitsu bat eman zen Euskal Herrian. Futbolaren esparrutik haratago jauzi egin zuen euskal pilotak. Pozez hartu nuen euskal kirolariek beren ekarpena mahai gainean jarri zutenean. Ni ezagutzen nautenek aski dakite ez naizela kirolaren jarraitzaile sutsua.
Baina liluratuta geratu nintzen herri honetako kirolariek duten konpromiso mailagatik. Akaso kirol esparruan ere, herri gisa bizi dugun ukazioa, are modu gordinago eta estaliago batean bizi delako izango da edo agian nire ezezagutza eta aurreiritzi makalen mende nintzelako, ez dakit. Errealitate estali bat agertu zuten. Euskal Herriko kirolariak zatituta eta elkarri bizkar emanaz aritzen direla egunerokoan. Egun kirola sustatzen eta bideratzen duten instituzioek euskal kirolari batzu lurraldearen harabera baztertu eta besteak bultzatu egiten dituztela argiki adierazi zuten. Bai, politikak agintzen duela kirolean ere ahalegia! Eta nola ez zatiketa administratiboa dela oinarria eta sabaia.
Zer izkutatzen duen ez didanean ikusten uzten
Zazpi herrialdetako kirolariak oinarri berri bat jarriaz agertu ziren euskal jendartearen aurrean, Euskal Herria nazio bat selekzio bat eta horretarako federazio nazionalak. Euskal jendarteak ez zuen kalerik egin abenduan, Bilbon izan zen mobilizazio erraldoi eta historikoan. Badugu garaia kirol esparrutik ere Euskal Herria eraiki daitekeela konturatzeko. Denok gogoan dugu, nori ez zitzaion gustatu Euskal Herria izena. Baino garrantzitsuagoa dena, denok badakigu zergatik ez zitzaion gustatu Euskal Herria izena. Izenak, izana eskatzeko arriskua dakar berarekin, horregatik egin nahi dute atzera. Gaur gaurkoz Euskadi izan behar omen du nazio honen oinarri eta sabaia. Euskaltzaindiak ezin hobe definitzen duen bezala; Euskadi: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak osatzen duten autonimia erkidegoa da. Euskal Herria berriz: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa, Nafarroa Beherea eta Zuberoako probintziek osatzen duten lurraldea.
Orduan hasten bait naiz izkutukoa…..
Iazko Abenduaren 29an Euskal Herria zuen izena. Aurtengo urriaren 25ean Euskal Herria zuen izena eta aurten abenduaren 23an Euskadi? Zergatik uste duzue, ez garela konturatzen komeni bezala erabiltzen dituzuela izenak eta izanak? Jada ez dut sinesten ukazio eta mugak Madrilek eta Parisek jartzen dituztenik. Ez behintzat kasu honetan. Oraingoan Gasteizko Gobernua kudeatzen dutenak dira, euskal jendarteaz trufatu eta euskal kirolarien konpromiso eta borondatearekin amaitu nahi dutenak. Aitortu dezatela! Nork agindu du Euskal Herriko selekzioari izena aldatzea? Nork agindu du kirol esparruan lehenaz gaindi, oztopo berriak jartzea? Batzuentzat tamalez, niri behintzat iazko lilurak irauten dit. Uste osoa dut Euskal Herriko kirolariek arduraz jokatuko dutela eta lorturiko pausoetan ez dutela atzera egingo. Gainera, euskal jendarteak ere beren babes osoa emango liekela uste dut.
Ea behingoz, herri honetan alderdi eta interes politikoez gidaturiko tertulianoen musikari entzurgor egin eta gure etorkizuna eskutan hartzeko irmotasuna, zintzotasuna eta adorearen musika gailentzen den.
nere barruan pizten diren bazter miresgarriak ikusten.



