Batasuna: "Ziklo politiko berria martxan jarriko dugu"

Ezker abertzaleak "iniziatiba politiko berria hartu nahi" duela azaldu dute gaur Larraldek eta Agerrek, Baionan eskainitako prentsaurrekoan. Arnaldo Otegi, Rufi Etxeberria, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez, Amaia Esnal, Txelui Moreno, Miren Zabaleta, Mañel Serra eta Ainara Oiz atxilotuak gaur eraman dituzte Madrilera. Inkomunikatuta dauzkate, Garzon epailearen aurrera noiz eramango.

Berria.info   2009-10-14 - 17:21:11

Nahiz eta Espainiako Poliziak ezker abertzaleko hamar lagun atxilotu zituen atzo, "Batasuneko Mahai Nazional berriaren aurkako operazioan", gaur Batasunak azpimarratu du "ziklo politiko berria martxan jarriko" duela. Baionan eman du prentsaurrekoa Batasunak, arratsaldean.

Ezker abertzaleak "ekimen politiko berria hartu nahi" duela azaldu dute Xabi Larralde eta Jean Claude Agerre Batasuneko MahaiNnazionaleko kideek. "Gatazka armatua gaindituko lukeen eta burujabetzaren aldeko indarrak batuko lituzkeen iniziatiba eta zikloa bultzatu" nahi dutela berretsi dute.

Halaber, atzoko atxiloketek eta polizia operazioek ez dutela ezker abertzalearen "ildoa aldaraziko" ere adierazi dute Batasunako bi kideek, eta gogor salatu dituzte atzoko atxiloketak. Gainera, Espainiako Estatuari edozein motako ekimenak "zapuzteko" helburua ikusi diote.

Espainiako Poliziak Arnaldo Otegi, Rufi Etxeberria, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez, Amaia Esnal, Txelui Moreno, Miren Zabaleta, Mañel Serra eta Ainara Oiz atzeman zituen, eta hamarrak gaur goizean Madrilera eraman dituzte. Inkomunikatuta dauzkate, epailearen aurrera noiz eramango.

Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak agindu zuen operazioa. Haren esanetan, Batasuneko Mahai Nazional berriaren aurkakoa izan da. Baliteke Garzonek etzi hartzea hamarrak.

LABen kontra ez, "oraingoz"

Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroaren arabera, Otegi, Etxeberria, Diez, Jacinto eta Rodriguezen atxiloketak LABen egoitzan izateak ez du esan nahi "oraingoz" Fiskaltzak eta Espainiako Justiziak LABen kontra egingo dutenik. "Dakigun bakarra da Batasuneko Mahai Nazional berriak LABen egoitzan egiten zituela bilerak. Baina ez nuke beste ondoriorik aterako. Ez gaude horretan, oraingoz", esan du gaur Rubalcabak operazioari buruzko balorazioa egitean.

=lLAB==http://www.labsindikatua.org/sarrera 17:00etatik aurrera ari da prentsaurrekoa ematen, "sarekada salatzeko".